XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskarazko egunkariari buruzko ohizko argudioak errepikatu Leioan I.B. Leioa.

Euskarazko egunkariaren gainean euskaldungoaren baitan diren eritzi desberdinak plazaratu ziren atzo Informazio Zientzien Fakultatean buruturiko mahai-inguruan.

Ez zen gauza berririk entzun Akerlanda taldeak gai honen inguruan antolaturiko mintzaldian.

Jesus Mari Zalakain UPVko irakaslea, Luis Alberto Aranberri Eguna astekarikoa eta Josu Landa Argiakoa izan ziren mahaiaren inguruan suertatu zirenak.

Hasiera batetan Pello Salabururen izena aipatzen bazen ere, azken orduan ez zela agertuko iragarri bide zuen.

Kazetaritza Fakultateko estudiante euskaldunek antolaturiko ekitaldi honetan jadanik ezagunak diren eritzi kontrajarriak entzuteko aukera izan zen.

Zalakain irakasleak ekin zion berbari lehenik eta behin euskarazko egunkariaren hutsunea nabarmena izanik ere ez duela honek orainarteko euskal prentsa guztia ordezkatu behar aldarrikatu zuen.

Egunkaria publikoa ala pribatua izan behar duen galderari ez duela berak inolako aukerarik baztertzen, unean uneko eta tokian tokiko egoeraren araberakoa izan behar duela gaineratu bait zuen.

Eguneroko prentsa idatziaren beharra argia izanik, dirua arazorik larriena dela esan zuen.

Une honetan diren projektoak zeintzuk diren kontutan izanik, bere ustez herri ekimenaren esku utzi beharko litzateke horien kaleratzea.

Dena den argi utzi zuen Zalakainek ez dagoela oso argi ustezko hiru projektu guzti horien bidegarritasuna, baina inork egitekotan horiek egin beharko luketela gehitu zuen.

Diruari dagokionez, herri indarrak orainarte izan duen jarrera kontutan hartu behar dela adierazi zuen, hau da, orain hamar urte egunkari berriak kaleratzeko inguru politiko desberdinetatik bideratutako ekimenak gogoan izan behar direla.

Egunkaria kaleratzeko diru publikoa beharrezkoa izan behar duela uste badu ere, Zalakain irakasleak jendearen parte hartzea beharrezkotzat jo zuen.

Gainera publikotik abiatuz egunkari instituzionalean jausteko arriskua oso haundia dela zioen, nahiz eta une horretan indarrean dagoen partidua bakoitzaren aldekoa izan.

Premisa faltsuak? Luis Alberto Aranberri, Egunako arduraduna izan zen publikotasunaren alde agertu zena.

Bere esanetan aspaldiko eztabaida honetan abiapuntu faltsu bat eman daiteke, askok askok eztabaidan parte hartzerakoan ez duelako, bere ustez, oinarritzat egiazko egoera kontutan hartzen.

Zioenez agian interesgarriagoa da publikoa ala pribatua izan behar duen eztabaidatzea baino, zelako egunkaria izan behar duen aztertzea; alegia, espezializatua izan behar duen, euskalkien erabilera, zein adinetako jendeari zuzendua....

Baina ba omen dira projektu horren kontra agertzen direnak, eta horiek ere kontutan hartu behar direla adierazi zuen.

Demografikoki bederen, egunkaria sustengabeko adina euskaldun ba omen dago eta beraz, euskaldungoaren poltsikotatik ordaindu beharko litzatekeela diotenak ere ezin bide dira ahaztu.

Gaur egun irakurtzeko dagoen joera ere aztertu behar dela azpimarratu zuen, agian, bere ustez, ez bait da bidezkoa prentsa idatzian indarrik zein dirurik galtzea.

Dirua aipatu zelarik, Aranberriren ustetan diru publikoa mugitzen den guztietan derrigorrezkoa da kontrola egotea.

Onartu zuen mendebaldeko herrialde industrializatuetan ez dagoela prentsa ofizialik, baina gaineratu zuen herri honek jasaten duen egoera berdinean ez dagoela beste herririk, eta egotekotan ere, ez du horrek hizkuntza politika bideratzeko herri honek omen duen adina indar politikorik.

Ez zen kontrolaren beldur agertu, zioenez menpekotasun berdin berdina ematen bait da EITBko medioetan eta inork ez bide du horren kontrako inolako kexurik agertu.

Bakarra izan behar duen euskarazko egunkaria ala gehiagorako ateak zabaldu behar diren, hartzen den ereduaren araberakoa izan behar duela adierazi zuen.

Hau da, publikoa izatekotan bakarra izan behar duela, eta eredu pribatua hartzekotan gutxieneko zeintzuk baldintzak ezarri beharko diren argitu beharko dela planteiatu zuen.

Azkenik militantziaz mintzatu zen Aranberri, diru publikoa sartzen delarik, militantzia halabeharrez desagertzen dela defendatzeko.

Bere ustez soldata medio publikotatik segurtatzen delarik, ezina da militantziarik egotea.

Herri iniziatiba Josu Landa Argia taldearen ordezkari gisa agertu zen eztabaidan.

Bere ustez, eta printzipioz bide instituzionala errefusatu zuelarik, Euskal Herriaren kasua berezia delako, irtenbideak ere bereziak eta berriak izan beharko dute.

Herri ekimenaren esku utzi zuen honek ere egunkaria kaleratzeko erantzunkizuna.

Etorkizunerako mugarik jartzen ez bazuen ere, abiapuntutzat egungo egoera hartu behar delakoan, une honetan euskaldun irakurlego alfabetatuaren nahiak kontutan hartu behar direla azpimarratu zuen.

Horrek esan nahi du, bere ustez, euskal egunkariaren kasuan Instituzio autonomikoek nekez ordezkatu dezaketela sektore horren nahia.

Zioenez, Instituzioei neurri bateko kontrolaren truke ekimen horiek sustengatzea dagokie, beti ere baldintzak kontutan hartuz.

Izan ere ezin dela mementu bakoitzean PSOEk zer egingo duenaren beldur egon esan zuen, egunkaria instituzionala izatekotan, telebista zein irratian gertatzen ari diren presio berdinak jasateko arriskua dagoela aipatuz.

Bakarra hasieran bakarrik izango dela adierazi zuen, Argiak egunkaria egin egingo duelako, eta beraz, modu batera zein bestera, hori hor egongo delako.

Diruaren arazoa borondate politiko hutsa dela azpimarratu zuen, eta horren froga gisa Hemen eta Eguna kaleratzeko diren milioiak aipatu zituen, hau da, garai batean euskal prentsa laguntzeko dirurik ez zegoelarik azkenean nunbaitetik atera dela horiek egiteko.